INTRANET Euskara|Español|English|Français
FONATARI - euskal fonetikaren ataria

euskal fonetikaren ataria

:: Sekuentziak ::

Bi elementu bokaliko jarraian agertzen direnean kate mintzatuan hiatoak ala diptongoak gertatzen dira, ahoskera heterosilabikoa ala homosilabikoa den arabera. Beti izan da bokal taldeen murrizketarako joera, nola hiatoetan hala diptongoetan. Bigarren mailako sekuentzia bokalikoak ere usuak dira, bokalarteko kontsonanteak ([β, ð, ɣ, ɾ] gehienbat) galdu ondoren gertatu ohi direnak.

Fonema bokalikoen elkarketaz sortzen diren diptongoak honako hauek dira: [ei̯], [eu̯], [ai̯], [au̯], [oi̯], [ui̯], denak beherunzkoak. Euskarak ez du gorunzko diptongorik, eta hori bere ezaugarri klasikoetako bat da; horren faltan, hiatoak, epentesi kontsonantikoak edo murrizketak gertatzen dira; halere, gaur egun, gorunzko diptongoak gero eta maizago ageri dira.

Hiatoen gertaerak desberdinak izan daitezke hitzaren barnean eratorketaren ala konposaketaren ondorioz, adizkietan eta abar; kasu hauetan, hiatoa edo honen gertakizunak fijoak izan ohi dira oro har. Beste hiato mota bat aditz- edo lexema-oinarriari morfema bat eransten zaionean gertatzen dena da; kasu hauetan, morfemaren erabilera hautazkoa da eta, beraz, hiatoa bera eta haren gertakizun diatopikoak ere hautazkoak dira. Azken mota honetan nabarmentzekoak dira [-a] mugatzailea hitzaren amaierako edozein bokalekin elkartzen denean gertatzen direnak [-ia], [-ea], [-aa], [-oa], [-ua] eta zubereran [-ya] ere bai; esan bezala, sekuentzia hauek era askotara gertatzen dira eta gizarteko zein banakako polimorfismo kasuak ere toki berean eman ohi dira, eta horregatik jaso egin dira lan honetan.
 
EUSKARAREN HOTSAK|DOKUMENTU BASEA|AHOSKERAK
Deustuko Unibertsitatea Fonetika Laborategia Bizkaiko Foru Aldundia
:: © FONATARI ::