:: Segmentoak ::
|
Euskalki denek, zubererak eta honen
inguruko hizkera batzuek izan ezik, bost fonema bokaliko ahokari
dituzte, /i/,
/e/,
/a/,
/o/,
/u/,
hiru gradutako (bi bokal itxiak, bi ertainak eta bat irekia) eta hiru
kokagunetako (bi bokal aurrekoak, bi atzekoak eta bat erdikoa) sistema osatzen
dutelarik. Zubererak badu -eta haren inguruko hegoaldeko
behenafarreraren hizkera batzuek ere bai- seigarren bokal
bat, [y],
aurrekoa, itxia eta ezpainkaritua, <ü> bezala idatzia
gehienbat, eta izaera fonematiko eztabaidatua duena. Zubererak bokal
sudurkariak ere baditu -eta erronkarierak ere izan zituen duela
gutxi desagertu zen arte-: [ ĩ ],[ ỹ ],[ ẽ ],[ ã ],[ ũ ];
sistema bokaliko bikoitz baten kondar dira, ahokaria eta sudurkaria,
alegia, azken hau gainerako euskalkiek ere izan zuten bokalarteko
kontsonante sudurkari leun zahar baten galeraren ondorioz bilakatua.
Galera hori garai desberdinetan gertatu zen euskalkietan (azkena
galtzen bizkaiera izan zen, XVI.-XVII. mendeetan). Egun, zalantzagarritzat
jotzen da zubereraren bokal berezi horien fonematasuna eta gai hau
berrazterketa baten beharrean dago. Errejistra daitezke, bestalde,
bokal luzatuak, bokalarteko kontsonante baten elisioaren ondorioz
(/ɦ/ eta /ɾ/,
batez ere).
Oro har, aldakortasun handia izan du beti bokalen tinbreak,
eta horrek maiz sortu ditu aldaketak (asimilazioak, disimilazioak,
metatesiak eta abar), areago testuinguru foniko egokiak (dardarkariak,
sudurkariak, sabaikariak) lagun izanez, banaketa diatopikoz. |
|
|