
Indo-europearra
Uralikoarra
Altaikoarra
Kaukasiarra
Kamitiar-Semitiarra
Egun, euskara da indoeuroparra
ez den Europako hizkuntza bakarrenetarikoa eta, beraz, zaharrenetarikoa
ere bai. Izaera horrek munduko hizkuntzalarien jakinmina eta interesa
ernatu ditu, beti ere hura ikertu eta sailkatzen saiatu direlarik.
Ahaleginak asko izan diren arren, oraino ez da lortu ez behar
bezala sailkatzerik ez eta, beraz, finkatuak diren hizkuntz
taldeetan kokatzerik ere.
Nagusiki honako talde hauekin erlazionatu nahi izan da euskara:
eusko - iberikoa
kamitiko - semitikoa
kaukasikoa
Horrenbestez, euskararen etorkia eta haren ahalbaitezko erlazio
genetikoak ilunetan daudela onar daiteke.
eusko - iberikoa
Mendeetan eutsi izan zaio indoeuroparra
ez zen penintsulako hizkuntza zahar batez, iberikoaz hain
zuzen ere, euskarak zuen ahaidetasunaren hipotesiari.
Horrela pentsarazten zuten auzakidetasun geografikoak eta hizkuntz
maila guzietan aurkitzen ziren parekotasunek. Haatik, interpretazio
zorrotzagoak egin zirenean hizkuntza iberikoko erdi alfabetoarenak,
aurreko irakurketa okerrak agerian gelditu ziren. Teoria honen aldekoak
atzera egin zuten ikusi zutenean euskararen bitartez ez zegoela
inskripzio iberikoak ulertzerik.
kamitiko - semitikoa
Hizkuntza kamitikoekin, batez
ere dialekto bereberrekin, lotzen zuen teoriak ere jarratzaile
ugari izan zituen. Morfologiako eta lexikoko antz batzuek eta metodo
kronologikoa lexikoari aplikatzeak halako itxaropena sortu zuten
hipotesi horretan. Alabaina, hain dira handiak hizkuntzaren ezaugarri
eta bereizgarri nagusiei buruzko desberdintasunak, ezen talde horretan
sartzeko edozein aukera ezinezko bihurtzen baita.
kaukasikoa
Abegi aski onez hartua izan zen beste
teoria bat eusko-kaukasikoa izan zen. Kaukasiako hizkuntzen
eta euskararen artean parekotasunik franko aurkitu zen.
Baina, geroago, frogatu zen erabilitako metodologia ez zela zuzena,
ez baitzen hizkuntz sistema bat beste batekin erkatzen, euskararena
beste taldekoen sistema- bildumarekin baizik. Aurrerago, ikasketak
euskara Kaukasia hegoaldeko taldeko hizkuntzekin erkatzera zuzendu
ziren, batez ere georgierarekin, baina, horrelako iduri edo
baliokidetasun batzuk badiren arren, bide honek ere ez du ahaidetasunik
frogatzeko emaitzarik eskaini.
|