
1. Muga X. mendean
2. Muga XVI.-XVIII. mendeetan
3. Muga XIX. mendean
4. Muga XX. mende erdialdera
Mende honetan asko hazten da euskararen
inguruko iharduera. Erakunde publiko eta pribatuen ahalegin handien
ondoren, 1918an Euskaltzaindia-Euskararen akademia- sortu
zen. Haren estatutuak 1919an onartu zituzten Foru Aldundiek eta,
urte berean, izan ziren izendatuak Euskaltzaindia osatuko zuten
hamabi akademikoak, Resurrección Mª de Azkue lehendakari zutelarik.
Egoitza ofiziala Bilbon ezarri zen.
Euskaltzaindiaren helburu nagusienetarikoa euskararen aldaki
normatiboa finkatzea izan zen, hainbeste euskalkitan banatzen
zen hizkuntza bateratzeko balio zezakeen aldakia. Urte haietako
lana eta ahaleginak Espainiako gerrateak (1936-1939) orpotik ebaki
zituen.
1968z geroz, Euskaltzaindia berriro hasi zen hizkuntzaren normalizazioa
lantzen. Urte gutxiren buruan finkatuak zeuden euskara batua deituaren
zutabe nagusiak.
Aldaki normatibo hau ez da erabat estandarizatu, baina irakaskuntzan,
administraritzan eta komunikabideetan erabiltzen den ia aldaki bakarra
da.
Erdiguneko euskalkietan, hau da, gipuzkeran, goinafarreran eta lapurteran,
oinarritzen da batik bat, eta zerbait aldentzen da bizkaieratik
eta zubereratik eta, hein batean, baita bi behenafarreretatik ere.
Harrera oso ona du gizartean, oro har beti erabiltzen baita idatzian.
Atzerakada bortitza jasaten du euskarak 1940-1970 urteetan.
Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroako iparraldean bizi da euskara indartsuen,
baina toki hauetan ere egoera elebidun sakonean.
Gaur egun, hizkuntz politikaren programen barruan, egiten
diren euskararen berreskuratze ahaleginek emaitza positiboak ematen
dituzte erakundeetako laguntza duten lurraldeetan.
|