Euskalkiek azken mendeetan izan duten
bilakabideak hizkuntz ezaugarrien banaketa berri bat bideratu du,
oro har desberdina gerta daitekeena aintzinateko banaketarekin, ezagutzen
diren lekukotasunen arabera.
Ondoren emango den Bonapartek egindako talde dialektalen karakterizazioan,
aldaki hitza bere esanahi dialektalean erabiltzen da, eta ez Bonaparterenean,
harentzat azpieuskalkiak hartzen zuen toki errepresentatiboa adierazten
baitzuen.
mendebaldekoa
XVI., XV. eta baita XIV. mendeko hizkuntz
testimonioek agertzen dutenez, bizkaiera gaur egun baino askoz
ere hurbilago aurkitzen zen gipuzkeratik eta beste euskalkietatik.
Orain euskalki horren ezaugarri morfologiko bereziak direnak (deklinabideari,
aditz laguntzaileari eta lokailu sintaktiko beraiei ere dagozkienak),
orduan besteenekin bat zetozen. Eta alderantziz, orain beste euskalki
batzuen ezaugarri direnak, orduan bizkaieran ere dokumentazen ziren.
Guzti horrek eta beste testimonio batzuk suposarazten dute garai batean
izan zitekeela beste aldaki dialektal bat, egun desagertua,
Bizkaiaz gain, Araba, Gipuzkoako hegoaldea, Nafarroako mendebaldea,
Errioxa zati bat eta Burgoseko iparraldea, azken hauek euskaldunak
Erdi Aroan, har zitzazkeena.
Bizkaiera XVI. mendean hasi zen idazten eta, geroztik, jarraitasun
batez eman dituenez lan idatziak, euskalki literariotzat hartua
izan da.
ekialdeko taldea
Zuberera,euskaraz egiten deneko
lurralderik ekialdekoenean kokatua, bazterreko euskalkia da bizkaierarekin
batera. Nahikoa bereizten dira biak erdialdeko euskalkietatik eta
nabariak dituzte bazterreko kokagune horren ondoriozko ezaugarriak
aldamenetako hizkuntzen eragina eta, batez ere, arkaismoak, zenbait
aldiz partekatuak gainera. Zubererak bereak baino ez diren ezaugarriak
ditu, ezein euskalkik ez dituenak, eta horrek nortasun hagitz
propioa ezartzen dio.
Haatik, desberdintasun horiek bilakabide fonetikozkoak dira batik
bat.
Euskalki honen ekoizpen literarioa ez da oso ugaria izan, baina
euskalki literariotzat hartua izan da beti.
Galdua den erronkarierak ez zituen zuberera aldakiak beste
aldaketa jasan. Bi azpieuskalki hauen arteko kidekotasunak, nabariak
hainbat kasutan, murriztu egin ziren zuberera azpieuskalkia aldatzen
joan zen heinean. Erronkarieraren eta zaraitzeraren arteko berdintasunak
ere nabarmenak izan ziren, auzokide diren hizkeretan gertatu ohi
den bezala.
Bi aldaki hauek, erronkariera eta zaraitzera, aezkerarekin batera,
ikuspegi dialektaletik begiratuta, Piriniotako area aski
bateratua osatzen zuten, trantsizioko hizkeren ezaugarriekin; horregatik
daude ipar euskalkien artean kokatuak Bonaparteren sailkapenean.
Alabaina, goinafarrera euskalkien antzeko ezaugarriak ere badituzte,
batez ere aezkerak, honek mugetako hizkeren ezaugarri denak biltzen
baititu eta, beraz, goinafarrera bezala ere sailka daiteke, haren
auzokide baita. Zaraitzeraren eta aezkeraren egoera oso larria da
egun.
Hizkera hauen azalpen idatziak, urriak izatez gain, azken bi mendeetakoak
dira.
erdialdeko taldea
Gipuzkerak ongi markaturiko
ezaugarriak ditu. Euskalki literario bezala A. Larramendik
XVIII. mendean eman zion bulkadari esker gertatu zen. Ordurarte
gutxi idatzi bazen ere, geroztik asko ugaritu zen emaitza idatzia.
Horren eraginez, euskalki hau besteak baino egoera hobeagoan jarri
zen eta, hainbestez, bere eragina inguruko lurraldeetara ere hedatu
ahal izan du.
Iparraldeko goinafarrera, Nafarroako zati zabala hartzen
duena, zenbait azpieuskalkitan banatua dago eta hauek beste euskalki
batzuren ezaugarriak ere hartzen dituzte iparmendebaldeko muturrean,
gipuzkerarenak; hegoalderago, mendebaldeko taldearenak; iparraldean,
lapurterarenak; azkenik, euskalki honen hegoekialdeko hizkera hegoaldeko
goinafarreratik hagitz hurbil gelditzen da. Badu ekoizpen literariorik,
baina ez da aldaki literariotzat hartua izan.
Hegoaldeko goinafarreraren hizkuntz espazioa erabat murriztua
gelditu da azken mendean eta orain ez da garai baten izan zenaren
kondarra baino. Euskalki hau, mende luzez bizi izan dena erromantzearekin
egoera arras diglosikoan, arkaismoen ugaritasunagatik eta erromantzearen
interferentzia bortitzengatik bereizten da, interferentzia fonetikoak
eta lexikoak batipat. Orain dirauen aldakia, ekialdekoa, aldameneko
euskalkietako hizkeretatik hurbilen aurkitzen zena da. Euskalki
hau ere ez da literariotzat onartua izan, lan idatzi garrantzitsuak
dituen arren.
Pirinioen iparraldeko euskalkiek, hots, lapurterak, mendebaldeko
behenafarrerak eta hegoaldeko behenafarrerak, badituzte
ezaugarri orokorrak, baina baita elkarren artean bereizteko aina
berezitasun ere. Hiruen artean badira tarteko eremu zabalak, non
ematen diren elkarren arteko pasaguneak zelaitzen dituzten muga-aldakiak.
Lapurterak, XVI. eta XVII. mendetan batez ere hainbat
literatura idatzi eman zuenak, giza-egoera aparta izan zuen,
baina ez zuen aldaki normatiboa izatera iristerik lortu. Bi behenafarrerek
ere literatur emaitza nabarmena izan dute azken bi mendeetan.
|