:: Mugak ::
|

Euskalkien lurralde-banaketa ez dator
bat ez banaketa administratiboaz ez eta Piriniotako mendikateak
suposatzen duen hesi fisiko eta estatu arteko mugaz ere.
Alderantziz baizik, iparraren eta hegoaren artean hizkuntz
jarraigoa gertatzen da eta, beraz, isoglosa sortek ekialde
mendebalde norabidea jarraitzen dute.
Ondoren eskaintzen den banaketa diatopikoa Bonaparterenetik
aterea da. Euskalkiei buruzko ikuspegi osoa kontutan izanik egina
da. Trantsizioko eskualdeek, euskalkien arteko topaguneei dagozkie
eta beti ere nahasgarriak gertatzen baitira, euskalkiak deskribatzeko
balioa isoglosen bitartez baizik ez dute lortzen. Halere, hemen
ezartzen diren mugak aski zehatz lotzen dira egungo egoera dialektalari.
· Bizkaiera Bizkaiko lurralde osoa hartzen du, Arabako aldakia
gordetzen duten tokiak eta Gipuzkoako mendebaldea, Deba arroa barne.
· Gipuzkera Deba arrotik Bidasoa alderaino, Nafarroako
Burunda eta Ergoiena barne direlarik.
· Iparraldeko goinafarrera Gipuzkoan Hondarribitik
Errenderiraino sartzen da, Nafarroako iparraldean Baztaneraino hartzen
du eta, hegoalderantz, Ultzamaraino.
· Hegoaldeko goinafarrera XIX. mendean euskalki honek lur-eremu
handiena hartzen zuen. Gaur egun, Nafarroako ekialdeko Erro eta
Esteribar bailaretan irauten du.
· Lapurtera Lapurdin, iparraldean eta ekialdean izan ezik.
· Mendebaldeko behenafarrera Lapurdiko ekialdetik Nafarroa
Behereko ekialdera hedatzen da, Nafarroako Aezkoa bailara ere hartzen
duelarik.
· Ekialdeko behenafarrera Lapurdiko iparraldea hartzen du,
Nafarroa Behereko ekialdea eta Nafarroako Zaraitzuko bailara.
· Zuberera Zuberoako lurraldea. Bere garaian, Erronkariko
aldakia ere hartzen zuen azpieuskalki bezala, baina, dagoeneko,
azpieuskalki hau galdua da.
|
|
|