INTRANET Euskara|Español|English|Français
FONATARI - euskal fonetikaren ataria

euskal fonetikaren ataria

:: Sailkapena ::


Euskaraz idatzitako lehenengo lan literarioek ere aipatzen dute euskalkien arteko desberdintasuna, idazleek irakurlego ugariena lortu nahi baitzuten zerabilten aldakiarekin. XVIII. mendean, A. Larramendi euskalkiak aski zehatz sailkatzera iritsi zen eta, hainbestez, euskal dialektologiaren aintzidaritzat har daiteke. Halere, ez zen XIX. menderarte euskalkien sailkapen osorik izango.

Euskalki guziekiko lehenbiziko lan sistematikoa Luis Luziano Bonapartek egin zuen XIX. mendearen bigarren erdian. Lan hori burutzeko, egileak berak euskaraz egiten zen lurralde denetara egin zituen bidaietan bildutako datuez, bere laguntzaileei eskatu zien informazioaz (aldaki desberdinetara eginiko itzulpenez batik bat) eta, inprimaturik edo eskuizkributan, eskuratu zituen lan literarioen azterketaz baliatu zen.

Bonapartek 3 sail nagusitan sailkatu zuen euskara, eta 3 horiek 8 euskalkitan, 25 azpieuskalkitan eta 50 aldakitan. Sailkapen hau hizkuntz mapa batean errepresentatu zuen 1863an. Mapa horretan euskalki bakoitzak bere kolorea du, galtzeko arriskuan aurkitzen ziren area dialektalak kolore hitsagoez agertaraziz. Sailkapen hau da, aldaketa gutxirekin, gaur arte erabili dena eta gure lan honetan ere jarraitzen dena.

Bonaparteren sailkapenak, ikuspegi historikoari eta metodologiari dagokienez, euskalkiak beren ezaugarri orokorren arabera biltzen ditu, honek berekin badarama ere hizkuntzarekiko continuuma fisikoki banatu beharraren zailtasuna, trantsizioko alderdietan euskalki desberdinetako ezaugarriak elkarren artean tartekatzen baitira. Esate baterako, Erdiguneko Taldea (gipuzkera, lapurtera eta bi goinafarrerak) eta Ekialdeko Taldea (zuberera) osoki bereizi nahi izanez gero, bi behenafarreren sailkapena zailtzen da, bi hauen ezaugarri nabarmena talde haien tarteko izatea delako; Ekialdeko Taldean ere, zubererak zuberera eta erronkariera azpieuskalkiak batzen ditu, gero bakoitza bere aldetik euskalki propiotzat hartua izan bada ere; aezkera eta zaraitzera azpieuskalkiek, Bonapartek behenafarrera barnean sailkatuak, goinafarreren eta erronkarieraren arteko jarraigo graduala gauzatzen dute.


EUSKALKIEN SAILKAPENA (BONAPARTEK EGINA, 1869)

TALDEAEUSKALKIAAZPIEUSKALKIAALDAKIA
MendebaldekoaBizkaieraEkialdekoaMarkina
MendebaldekoaGernika, Bermeo, Plentzia, Arratia, Orozko, Arrigorriaga, Otxandio
Gipuzkoa-koaBergara,Batzaga
ErdikoaGipuzkeraIparraldekoaHernani, Tolosa, Azpeitia
HegoaldekoaZegama
Nafarroa-koaBurunda, Etxarri-Aranatz
Iparraldeko Goi NafarreraUltzama-koaLizaso
Baztan-goaElizondo
BortzirietakoaBera
Arakil-goaHuarte-Arakil
Araiz-koaIntza
Gipuzkoa-koaIrun
LapurteraBertakoaSara,Ainhoa,Donibane-Lohizune
NahastuaArrangoitze
Hegoaldeko Goi NafarreraEkialdekoaEgues, Olaibar, Artzibar, Erroibar, Auritz
Iltzarbe-koaGares
MendebaldekoaOltza, Zizur, Gulina
EkialdekoaZubereraBertakoaAtharratze
Erronkari-koaBidankotze, Urtzainki, Ustarroze
Ekialdeko Behe NafarreraGarazi-Amikutze-koaGarazi, Amikutze, Bardoze, Arberoa
Aturri-koaBeskoitze,Urketa
Zaraitzu-koaZaraitzu
Mendebaldeko Behe NafarreraBaigorri-koaBaigorri
Lapurdi-koaUztaritze, Lekorne
Aezkoa-koaAezkoa
 
EUSKARAREN HOTSAK|DOKUMENTU BASEA|AHOSKERAK
Deustuko Unibertsitatea Fonetika Laborategia Bizkaiko Foru Aldundia
:: © FONATARI ::