Euskara|Español|English
manuscrito
|| TESITEK ||
BONAPARTE ONDAREKO ESKUIZKRIBUAK - FONDO BONAPARTE
Bonaparte

Sailkapen dialektala

Oro har, esan daiteke euskal idazle klasiko gehienek idazterakoan ardura handia agertu izan dutela erabili behar zuten euskalkiaz, denak ohartzen baitziren zein banatua aurkitzen zen euskara. Hala ere, dialekto orokorrak finkatzean, irizpide ezberdinak erabili arren, antzeko banaketak egitera iristen ziren. Dena den, euskalki eta azpieuskalkien arteko mugak zehaztea zail gertatzen zitzaien, ez baitzen, Larramendik eginiko hurbilketaz gain, horrelako lanik egin. Horrenbestez, XIX. mendera arte ez da euskararen sailkapen zehatzik izango.

Euskalkien lehenengo banaketa, eta bakarra, Luis Luciano Bonaparte Printzeak egin zuena da. Lan hori euskararen lehenengo mapa dialektalarekin batera inprimatu zen 1863an. Euskalkien mapa horrekin batera, garaiko euskalkien egoera ere agertzen zen euskalki bakoitzari eman zion margoaren indarraren arabera agertuz. Lan erraldoi hori Printzeak egin zuen ahalegin pertsonalari esker lortu zen, hizkuntza ikasteaz gain, euskalki guztiak bikain ezagutzera heldu baitzen. Lan horretarako, Euskal Herrira egindako bidaietan lortutako material ezberdinak baliatu zituen: ahozko testigantzak, berak eskuratutako testu idatziak -inprimakiak eta eskuizkribuak-, eta izan zituen laguntzaileak, berak eskatuz, egin zizkioten itzulpenak.

Euskara 8 euskalkitan, 25 azpieuskalkitan eta 50 aldakitan zatitu zuen

Sailkapen hori egun arte baliagarria eta erabilia izan da, aldaketaren batzuk egin bazaizkio ere, Bonapartek berak aldez aurretik ikusiak zituenak, bestalde. Euskara 8 euskalkitan, 25 azpieuskalkitan eta 50 aldakitan zatitu zuen. Guzti hau hiru talde nagusitan banatua, horrela gelditu zelarik: A taldea: Bizkaieraz osatua. B taldean erdiko euskalkiak: Gipuzkera, Lapurtera, Iparraldeko goinafarrera eta Hegoaldeko goinafarrera. Hirugarren taldea, C taldea sortuz: Zuberera, Ekialdeko behenafarrera eta Mendebaldeko behenafarrera, ekialdeko euskalkiekin.

Lan honetan jarraitzen den sailkapena Bonaparterena da, noski, aldaketa txikiren bat gora behera, bi arrazoi kontutan hartuz. Lehenengo eta behin, gaur eguneko egoera dialektala ez da batere garbia, bizirik dirauten euskalkietan euskara batuaren eragina dela medio. Bestalde, nola gizarteko, nola norbanakoen erabilera nahasiek ezinezkoa bihurtu dute sailkapen zehatzik egitea. Bigarren arrazoia, berriz, metodologiak eta lanaren koherentziak eskatzen dute: web orri honen helburua testu diakronikoen analizatzaile bat eskaintzea da Bonaparteren ondarean oinarrituz. Horrez gain, XML lengoaia bidezko markaketaz, testu horien edizio digitala ere egiten da.

Sailkapena
  • Bizkaiera
    • Ekialdekoa
    • Mendebaldekoa
    • Gipuzkoakoa
    • Literarioa
  • Gipuzkera
    • Iparraldekoa
    • Hegoaldekoa
    • Nafarroakoa
    • Literarioa
  • Lapurtera
    • Bertakoa
    • Nahastua
    • Literarioa
  • Iparraldeko goinafarrera
    • Ultzamakoa
    • Baztangoa
    • Bortzirietakoa
    • Arakilgoa
    • Araizkoa
    • Gipuzkoakoa
    • Literarioa
  • Hegoaldeko goinafarrera
    • Ekialdekoa
  • Aezkera
  • Zaraitzera
  • Erronkariera
  • Zuberera
  • Ekialdeko behenafarrera
    • Garazi-Amikutzekoa
    • Aturrikoa
  • Mendebaldeko behenafarrera
    • Baigorrikoa
    • Lapurdikoa
 
Testuen hautaketa|Analizatzaile morfologikoa|Analizatzaile sintaktikoa|Glosarioa|Testuen erkaketa|Batueratik
Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia UNIVERSIDAD DE DEUSTO · DEUSTUKO UNIBERTSITATEA